2018(e)ko urriaren 30(a), asteartea

Udazken-negu honetako lehenengo kaio mokohoria

Iturria: Usurbilgo hegaztiak bloga
Autorea: Xabier Saralegi

Eguraldi txarreko egun hauetan kaio ugari babes bila sartzen ari dira Orioko itsasadarrera. Gehientsuak kaio mokogorriak dira, sasoi honetan Ipar eta Erdialdeko Europatik etorrita Iberiar Penintsulara migratzen ari diren aleak.

Espezie hau gure kostaldean ohiko migratzailea bada ere, milatik gorako talde erraldoiak ikustea ikuskizun ederra da. Gainera, begiak zorroztuz gero ohikoak ez diren kaio-espezieak aurkitu ditzakegu.


CanusORia2.JPG


CanusORia3


CanusORia.JPGKaio mohokoria (larus canus) Orioko itsasadarrean

Atzo, adibidez, kaio mohokori (larus canus) polit bat zebilen San Pedro errekaren inguruan elkartu ziren milaka kaio mokogorrien artean. Espezie honen oso ale gutxi iristen zaizkigu gure kostaldera, eta Orioko ale hau udazken-negu honetan Gipuzkoako kostaldean ikusten den lehenengoa litzateke.

2018(e)ko urriaren 21(a), igandea

Euskal Herrian erregistratzen den bigarren baltikoko kaioa Urumean ikusia

Iturria: Donegaztian bloga
Autorea: Xabier Saralegi


Kaio ilunak (larus fuscus) ohiko bisitariak ditugu pase garian, udazkenekoan zein udaberrikoan. Egun horietan, bereziki eguraldia txarrak migrazio bidaia galarazten dienean, talde nabarmenak behatu daitezke gure hondartzetan, badian eta Urumean. Larus fuscus graellsi eta larus fuscus intermedius azpiespezieen aleak izaten dira, kaio ilunaren azpiespezierik zabalduenak.

Baina badago hirugarren azpiespezie bat, Larus fuscus fuscus edo baltikoko kaioa. Beste azpiespezieen aldean baditu berezitasun batzuk, morfologian, mudan zein migrazio-patroietan. Hori dela eta, batzuen ustez berezko espezietzat ere hartu liteke.


Baltikoko kaioa (Larus fuscus fuscus) Urumearen ahoan

Baltikoko kaioak Norvegian, Suedian, eta Finlandian kumatzen dira. Negua Ekialdeko Afrikan igarotzen dute. Ale gutxi batzuk soilik jotzen dute neguan Mendebaldeko Afrikara. Hori dela eta, Mendebaldeko Europako migrazio ibilbidean espezie hau ikustea oso zaila da. Euskal Herrian, adibidez, baltikoko kaioaren erregistro bakarra zegoen testu honetako baltikoko kaioa ikusi arte.


Baltikoko kaioa (Larus fuscus fuscus) Urumearen ahoan

Euskal Herrian erregistratzen den bigarren baltikoko kaioa Urumearen ahoan ikusi nuen, bertako kaio hankahorien talde txiki baten aldamenean lumajea txukuntzen ari zela. Aurrekoa 2015. urtean behatu zuen Alber Cama biologoak, Bilboko kostaldetik 10 miliatara itsasontzi batetik. Urumeako alea zein 2015ko hau Norvegiako kolonia beretik etorritakoak dira, Horsvaer artxipelagoan kokatua. Biek zeramaten eraztun banari esker jakin dugu datu hori. Urumeako kaioari buruz datu gehiago ditugu, 8 urte dituela, eta 2012. urtean Madrilen ikusi zela.

Urumeako kaioak azpiespeziearen ezaugarri guztiak betetzen ditu: Buztan luzea, moko fina, bizkar oso iluna, hanka motzak, luma primarietako puntu txuri txikiak, eta oraindik udako lumajeari eustea. Edozein modutan, badaude intermedius azpiespeziearen ale batzuk ezaugarri hauetako batzuk dituztenak. Hori dela eta, soilik baltikoko kaioen kolonia puru edo garbietan eraztundutako aleen zitak ematen dira segurutzat.